
1. Jesus heriotzara kondenatua
“(…) Nire aita noraezean zebilen aramearra zen. Berekin lagun-taldetxo bat besterik ez zuela, Egiptora joan eta han herri handi, ahaltsu eta jendetsu bihurtu.” (Dt 26,5)
Egonaldia: Jesus heriotzara kondenatua: transkripzioa
Gizakiaren mugikortasuna, modalitate guztietan (ikasketa- edo lan-arrazoiengatik, lanbide-hobekuntzarako, turismoagatik, hobekuntza sozioekonomikoen bila edota behartuta aterpea bilatu behar izateagatik), gero eta gehiago hazten den fenomeno bat da gaur egun, baina garai guztietako errealitate antropologiko eta kultural bat izan da. Hain zuzen, gizadiaren jatorritik, herriek beti bilatu izan dituzte bizi-baldintza hobeak. Israelgo herriak Jainkoaren esperientzia gakotzat hartuta interpretatu zituen jatorri horiek, eta hala, fedea oinarri hartuta irakurri zuen lehenengo patriarken (Abraham, Isaak eta Jakob) ibiltaritzaren berri, Jainkoak agindutako eta emandako lurralde bateranzko ibilaldi gisa. Migratzaileen herri bat izatearen jatorri-kontzientzia hori ez zen geratu herri baten hastapenen alderdi kronologiko huts gisa. Gainera, bere identitatea markatu zuen, bai eta bizileku izango zuen lurraldearekiko erlazioa ere, aginduaren bidezko doako dohain bat bezala jasotako lurralde horrekikoa, hain zuzen. Hala irakurtzen dugu Deuteronomioa 26,1-13n:
Jaunak zeure Jainkoak ondaretzat emango dizun lurraldean sartu, haren jabe egin eta bertan biziko zarenean, Jaunak emandako lurraldeak ekarritako emaitza guztien lehen fruituak saski batean hartu eta Jaunak zure Jainkoak bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokira joango zara eta esango duzu: “Gaur Jaunaren zure Jainkoaren aurrean aitortzen dut, Jaunak gure arbasoei zin eginez emango zigula agindutako lurraldera iritsi garela”. [...] eta aitorpen hau egingo duzu Jaunaren zeure Jainkoaren aurrean: “Nire aita noraezean zebilen aramearra zen. Berekin lagun-taldetxo bat besterik ez zuela, Egiptora joan eta etorkin bezala bizi izan zen han. Egipton, herri handi, ahaltsu eta jendetsu bihurtu zen. Baina egiptoarrek tratu txarra eman ziguten, zapaldu eta esklabotza gogorra ezarri. Oihu egin genion Jaunari, arbasoen Jainkoari, laguntza eske, eta Jaunak entzun egin zituen gure garrasiak, errukarri, sufrimenduz josirik eta zapaldurik ikusi baikintuen. Jaunak Egiptotik atera gintuen ahalmen handiz eta esku indartsuz, mirari eta egintza harrigarriak eginez; toki honetara ekarri gaitu, eta esnea eta eztia darizkion lurralde hau eman”. […] Uzten hamarrenak bereizi ondoren, zure hirian bizi diren lebitar, etorkin, umezurtz eta alargunei emango dizkiezu, zer jana izan dezaten. Ondoren, adierazpen hau egingo duzu Jaunaren zeure Jainkoaren aurrean: “Erretiratu dut etxetik sagaratu beharrekoa, eta lebitar, etorkin, umezurtz eta alargunari eman diet, zuk, Jaun horrek, agindu bezala. Ez dut zure aginduetariko bat ere hautsi, ez ahaztu”.
Gaur egun heriotza-zigorra ezartzen dutenen aurrean –epaiketarik eta prozesurik gabe ezarri ere, eta jaioterri jakin batekoak izatea eta hartatik atera nahi izatea edota atera behar izatea beste akusaziorik gabe–, proposamen bakarra egin daiteke: “noraezean zebilen aramearraren” seme eta alaba garen aldetik, gure identitatea gogoratzea. Gure lekualdatzeen historia gogora ekartzeak –batzuk askatasunez lekualdatu dira, beste batzuk behartuta edo nahiko behartuta– gure egungo bizi-baldintzak dohain gisa hartzera garamatza, dohaina baita eremu lasai eta aurreratuetan bizitzea. Dohain horiek, baina, ez dira eskubide absolutuak, eta ez ditugu lortu geure indarrez. Dohain horiek partekatzeko lortzen dira, eta ez geureekin soilik; beren egoeragatik behar duten pertsonekin ere bai: etorkinekin, umezurtzekin eta alargunekin.
