
2. Jesusek gurutzea bizkarrean hartu
Jaunak esan zion Abrami “Utzi zeure lurra eta zeure aitaren etxea eta zoaz nik erakutsiko dizudan lurraldera. Nazio handi eginen zaitut, ospetsu bihurtuko dut zure izena, bedeinkatuko zaitut eta bedeinkazio-iturri izango zara.” (Gn 12,1-2)
Egonaldia: Jesusek gurutzea bizkarrean hartu: transkripzioa
Israelgo herriarentzat, salbamenaren historia Jainkoak Abrahami dei egin zionean hasi zen. Dei horretan, irteteko gonbita egiten zaio, atzean uzteko, beste askoren migratzaile-izaera bere egiteko, baina betiere errealitate horien irakurketarako gakoetan Jainkoa aintzat hartuta. Abrahamek bere lurraldea utzi behar du, bere familia-harremanak apurtu, eta agindutako lurralderanzko abentura abiatu behar du; une horretan, lurralde hori adierazi baino ez zaio egin, ez da uki daitekeen errealitate bat. Orainaldi segurua alde batera utzi, eta ziurgabetasunez eta zailtasunez beteriko etorkizuna eraiki behar du. Aginduak soilik –eta, batez ere, egoera orotan alboan izango duela agintzen dionaren laguntasunak– ahalbidetzen dio bideari ekitea eta etapaz etapa aurrera egitea. Etapa bakoitzean, Jainkoaren esku-hartze berriak daude, gero eta ahaltsuagoak, Egiptora iritsi arte, eta han gertatuko da sorrerako salbamenaren esku-hartzea.
Horrela irakurtzen dugu Has 12,1-10en:
Jainkoak esan zion Abrami: “Utzi zeure lurra eta zeure aitaren etxea, eta zoaz nik erakutsiko dizudan lurraldera. Nazio handi bat eginen zaitut. Ospetsu bihurtuko dut zure izena, eta bedeinkazio-iturri izango zara. Bedeinkatzen zaituena bedeinkatu egingo dut; madarikatzen zaituena, berriz, madarikatu. Zure bitartez bedeinkatuko ditut lurreko herri guztiak.”
Abiatu zen, beraz, Abram, Jaunak agindu bezala. Berekin hartu zuen Lot ere... Kanaan aldera jo zuten, eta Kanaanera iritsi ziren. Abramek lurraldea igaro zuen Sikem deritzan lekuraino, Moreko arteraino. Kanaandarrak ziren garai hartan bertako bizilagun. Jauna agertu zitzaion Abrami eta esan zion: “Hau da zure ondorengoei emango diedan lurraldea.” Eta aldarea eraiki zion bertan Abramek agertu zitzaion Jaunari. Handik, mendi aldera jo zuen, Betel-en ekialdera. Han kokatu zuen oihal-etxola, Betel mendebaldera eta Ai ekialdera zituela. Beste aldare bat eraiki eta Jauna gurtu zuen. Ondoren, geldialdiak eginez, Negev aldera jo zuen. Gosetea izan zen lurralde hartan. Hain larria zenez, Egiptora joan zen Abram, atzerritar gisa bizitzera.
Irtetea, atzean uztea, abandonatzea, jaistea… hori da Abramek duen bide bakarra, dagokiona izatera heltzeko: “Abraham”, herri jendetsu baten aita, bedeinkapen-iturri dena, eta aginduaren bidez saritutako herri baten aita.
Harengan iragartzen da aurrez Jesusen irtetea, haragiztatzea eta beheratzea, gurutzea besarkatu arte, gizadi berriztatua sortzeko modu gisa, bai eta bedeinkapen gisa ere, bidean direnentzat, agindutako paradisuetaranzko beren ibilbidean gosea eta esklabotza aurkitzen dituztenentzat. Eta guk, bedeinkatuak garenok, eta lurralde seguruak bizileku ditugun Jainkoaren herriaren parte garenok, ba al dakigu irteten eta migratzaileengan dagoen Jainkoaren presentzia ikusgai bihurtzen? Jesusek bere gainean hartu zuen gurutzea, eta gurutziltzatuen lekurako bidea hartu zuen.

