
3. Jesus lehen aldiz erori
Baina zeuen jokabidea eta egintzak benetan zuzentzen badituzue, gizarte-harremanetan justizia defendatzen baduzue, arrotza, umezurtza eta alarguna esplotatzen ez badituzue (…) orduan, zuekin biziko naiz toki honetan. (Jr 7,5-7)
Egonaldia: Jesus lehen aldiz erori: transkripzioa
Salaketa profetikoa ez zaigu iristen Jainkoaren gizon bekozkodunen ahotik soilik. Haurrek ere, hitz gutxirekin edo beren isiltasun behartu baina adierazgarriarekin, salaketa adierazten dute; edo, hobeto esanda, benetakotasunaren iragarpen bat da, gure loalditik ateratzen gaituena, bai eta gure iruzur erlijiosoetatik ere, uste izaten baitugu bizileku sakratuetan bizi garela eta horietan babestuta gaudela, Jainkoaren familia eta herria garela. Baina familia ez da osoa denok ez bagaude. Mezu profetiko hori iragartzen digu Jeremiasek ere, 7,3-7 kapituluan:
Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelgo Jainkoak: Zuzendu zeuen jokabidea eta egintzak, eta zuekin biziko naiz toki honetan. Ez fidatu «Jaunaren tenplua, Jaunaren tenplua» errepikatuz engainatzen zaituzteten horietaz. Baina zeuen jokabidea eta egintzak benetan zuzentzen badituzue, gizarte-harremanetan justizia defendatzen baduzue, arrotza, umezurtza eta alarguna esplotatzen ez badituzue, lurralde honetan odol errugaberik isurtzen ez baduzue eta, zeuen buruari kalte eginez, beste jainkoen ondoren ibiltzen ez bazarete, orduan, zuekin biziko naiz toki honetan, zuen gurasoei aspaldidanik eta betiko eman nien lurraldean.
Bidean eroritakoak dauden bitartean, gizatiartze-bideetatik kanporatutakoak, haurtzaroa lapurtu zaien umeak, bakean hazteko aukera ukatzen zaienak… Jainkoa kanpoan egongo da, haiekin geratuko da, eta ez da gure tenpluetan biziko; gure elizak eta gure etxeak ez dira jainkotasunaren bizileku izango. Herodesen jazarpen-garaiak ez dira amaitu. Errugabe santuak garrasika ari dira beren begiradarekin, goseak eragindako malkoekin, gizakiaren bihozgabetasunagatik, hoztasunagatik. Noiz arte jarraituko dugu Jainkoaren Hitzarekiko sorgor, haien bidez eta haiengatik aldarrikatzen duen Jainkoaren Hitzarekiko bihozgabe? Gure kostaldeetako hondartza batean hilda ikusi arte, edota gure itsasoetako hilerri likidoan flotatzen aurkitu arte? Bada, hori gertatu da jada, eta oraindik ere ez dugu erreakzionatzen. Jesus erorita dago berriro ere, haren odolak eta haren saminak desohorez betetzen ditu gure garaiak eta gure leku sakratuak… Noiz ahalbidetuko dugu Jainkoa gure artean bizitzea?

