15. Tú puedes ser parte del cambio

15. Piztuera

(…) Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixo, eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri. (Mt 25,34-36)

Egonaldia: Piztuera: transkripzioa

Gure ekintzak ere piztuera agerian jartzen du, Jesusen heriotzaren gaineko garaipena ezartzen duten “zeru berri horiek eta lur berri hori” eguneratu egiten baitira haren bidez. Gizatasun berri bat, berriztatu bat, agerian jartzen da, elkartasunaren bidez adierazten den gizatasuna, elkartasunak sortzen baitu benetako gizatasuna, zentzu osoan. Horrela iragartzen digu Mateo 25,34-40ko parabolak:

“Zatozte, nire aitaren bedeinkatuok; hartzazue munduaren sortzetik zuentzat prestatua dagoen erreinua. Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixo, eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri”.

Orduan, zintzoek esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun goseak eta jaten eman genizun, edo egarriak eta edaten eman? Noiz aurkitu zintugun arrotz eta etxean hartu, edo larrugorri aurkitu eta jantzi? Noiz aurkitu zintugun gaixo edo kartzelan eta ikustera joan?”

Eta erregeak erantzungo die: “Benetan diotsuet: Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten”.

Senide txikien hauetako bakoitzarengan Kristo dago, denok ezagut ditzagun, zain ditzagun, bizia eman diezaiegun eta haiek ematen diguten bizitza har dezagun. Haien lekukotasunak agerian jartzen du gai garela gizakiaren alderdi okerrena erakusteko, baina baita onena ere.

Jesusekin gurutze-bidea egin ondoren, oraindik erakarpena sortzen digu, bidean jarraitzen duten bizitza gurutziltzatuen bitartez. Zeharkatu zutenari erreparatzeak bihotzak zabaltzera eta gizaki ororen duintasunaren alde egitera bultzatu behar gaitu, bizitza mespretxatzen duen eta pertsonak esplotatzen dituen edozerren kontra borrokatzera, eta gugana iristen diren pertsonak gure lurraldean, guztion etxean, hartzera, haiek dakarten mezua baita Jainkoa gure artean dagoela, abandonatutakoengan, pertsona migratzaileengan eta pertsona errefuxiatuengan, eta “haiei egiten dieguna, Berari egiten diogula”. Jainkoa oraindik ere gugana etortzen da, bizitza berri bat aginduz, etsaitasunezko gizartea giza familia bihurtuz agerian jartzen dena. Bihurketa hori Kristoren adiskidetzea da, Kristorengan bakeak egitea.

Igaro gaitezen begiespen hutsetik ekintzara, otoitzetik benetako konpromisora, begiak erne jarrita, Jesusen aurpegia aurkitzeko, desitxuratutako aurpegietan, Pazkoko gurutziltzatua-piztua esperientzia ageriko egiten duten aurpegietan. Jesus gure arteko egingo da, heriotza dagoen leku horietan azalduko zaigu, gurutziltzatuen marketan, bizitzak ernatzen jarraitzen duen bitartean. Haiekin batera, piztueraren eraikitzaile izan gaitezke, gizatasun berriaren artisauak. Hau adierazi zuen Frantzisko aita santuak migrazioei buruz 2017ko Pobreen Munduko Eguneko mezuan: migrazioen errealitatea“bihur dadila dei irmo bat gure sinestun-kontzientzian, gero eta argiago izan dezagun pobreekin partekatzeak bide ematen digula Ebanjelioa ulertzeko, egiarik sakonenean. Pobreak ez dira arazo bat, Ebanjelioaren funtsa geure egiteko eta bizitzeko balia dezakegun baliabide bat baizik”. 

Scroll to Top