4. Deterioro medio ambiental

4. Jesusen eta bere amaren elkartzea

Zorionekoak bihotz gozokoak, haiek baitira jabetuko Jainkoak hitzemandako lurraz. (Mt 5,5)

Egonaldia : Jesusen eta bere amaren elkartzea: transkripzioa

Jesusen eta bere amaren elkartzea, gurutze-bide tradizionalean, bi biktima errugaberen elkartzea da, sufrimenduan eta bazterketan bat egiten duten biktimena. Bide horretan, elkartzeak erresilientziari eusten dio, aurrera jarraitzeko indarra ematen die. Egoera hori lagungarria zaigu gizadiaren biktimei erreparatzeko, bai eta ama lurrari ere, hura ere bidegabekeriaren biktima baita. Ez dira bi sufrimendu desberdin, eta batak ezin dezake itxaropenik izan besteak ez badu. Hala idatzi du Frantzisko aita santuak Laudato Si’ entziklikan:

Guztion etxea babesteko premiazko erronkak berekin dakar giza familia osoa biltzeko ardura, garapen iraunkor eta integrala bideratze aldera, bai baitakigu gauzak alda daitezkeela. Sortzaileak ez gaitu abandonatzen, ez du inoiz atzera egin bere maitasun-proiektuan, ez da damutzen gu sortu izanaz. Gizadiak oraindik ere badu gaitasuna elkarlanean jarduteko, guztion etxea eraikitzeko. […] Eskertze berezia merezi dute munduko pobreenen bizitzan ingurumenaren andeatzeak eragiten dituen ondorio dramatikoak gainditzeko irmotasunez borrokatzen direnek. Gazteek aldaketa eskatzen digute. Beren buruari galdetzen diote nola daitekeen etorkizun hobe bat eraiki nahi izatea, ingurumenaren krisia nahiz baztertuen sufrimendua aintzat hartu gabe. (13. zk.)

Sakonean dagoen kezka horren harira, indarberrituta datorkigu Mt 5,3-10eko zoriontasunen oihartzuna:
Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiek baitute Jainkoa errege.
Zorionekoak bihotz gozokoak, haiek baitira jabetuko Jainkoak hitzemandako lurraz.
Zorionekoak negarrez daudenak, haiek baititu Jainkoak kontsolatuko.
Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeko gose-egarri direnak, haiek baititu Jainkoak aseko.
Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango.
Zorionekoak bihotz-garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa.
Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko.
Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeagatik erasotuak, haiek baitute Jainkoa errege.

Ezer geratzen ez denean, dena galduta dagoela dirudielako, itxaropenaren indarra geratzen da, Jainkoa gurekin dagoelako, eta justiziaren alde dagoelako. Jainkoak berreskuratuko dizkigu Lurra eta bizitza, hark emango digu indarra eta adorea justizia osoaren alde borrokatzeko, hala esan badaiteke, adierazi nahi baita justizia guztion etxean giza garapen iraunkorra lortzea dela, edota bestela, ez dela izango Jainko Sortzaileak nahi duen justizia.

Scroll to Top