5. defensoras

5. Zireneko Simonek Jesusi gurutzea eramaten lagundu

Baina gure errebeldiengatik zulatu zuten, gure erruengatik birrindu (..). Gogorkeriaz eta bidegabez eraman zuten; baina haren zoria nori axola? Bizidunen lurretik kanpora atera zuten, bere herriaren errebeldiagatik jota. (Is 53,5-8)

Egonaldia: Zireneko Simonek Jesusi gurutzea eramaten lagundu: transkripzioa

Badirudi “garapen ekonomiko globala” adierazpena sakratu bihurtu dela, eta giza garapenaren adierazle nagusia bihurtu da. Horrek, ordea, biktima kopuru izugarria dakar. Bazterkinen kultura da, aintzat hartzen ez diren pertsonena; ikusezin bihurtzen dira, nahiago dugulako ez ikusi: landa-eremuetako komunitateak, gure parametro elitisten arabera kulturarik ez dutenak; gutxiengo etnikoak, hitzik ez dutenak entzuten ez diegulako... Horrela deskribatzen da Yahveren morroia ere. Hala ere, haren indarrak salbatu egiten gaitu, haren orbainak gure osasuna dira. Eta kultura horiek –horietan, emakumeak burumakur ikusten ditugu askotan, aurpegieran akidura nabari zaiela– beren gain hartzen dute gure garapena, edota, agian hobeto esanda, gure giza andeatzea, zifra eta burtsa-indize positiboetan bilduta badago ere. Entzun dezagun Yahveren morroiaren deskribapena Isaias 53,2-8n, eskuarki aintzat hartzen ez diren pertsonei erreparatuta:

Jaunak nahi izan zuen bere zerbitzaria lur agorrean sustraiak dituen kimu berria bezala haztea. Ez zuen duintasunik, ez edertasunik, ez gure begientzat itxura erakargarririk.
Mespretxatua zen, eta jendeak baztertua, oinaze-gizona, sufritzen ikasia. Ikusteak ere nazka ematen duen norbait bezalaxe, mespretxatu egin genuen, eta aintzakotzat hartu ez. Baina gure gaitzak hartu zituen bere gain, gure oinazeen zama jasan. Guk, berriz, Jainkoak zauritu zuela uste genuen, Jainkoak zigortu eta atsekabetu zuela. Baina gure errebeldiengatik zulatu zuten, gure erruengatik birrindu; berak jasan zuen guretzat salbagarri izango zen zigorra; haren zauriek sendatu gintuzten.
Ardiak bezala genbiltzan galdurik, bakoitza geure bidetik, eta Jaunak haren gain bota zuen gu guzion errua. Gaizki tratatu zuten, eta bera apaldu egin zen, ahorik zabaldu gabe; hiltzera daramaten arkumeak bezala, moztaileen aurrean isilik dagoen ardiak bezala, ez zuen ahorik zabaldu.
Gogorkeriaz eta bidegabez eraman zuten; baina haren zoria nori axola?

Gure gogoetak, zeri erreparatzen dio? Errealitate errukitsuei, errukitsu bezain ikusezinei? Ba al dugu adorerik gure begirada aurrerapenaren ondorioak pairatzen dituztenengan jartzeko, sufritzen dutelako? Gizadian ez dago beste aurrerapenik Jesusek gu guztiongatik gurutzea zeramanean hura eramatera hurbildu zen Zirenekoak erakutsitakoa bezalakorik. Egin dezagun gogoeta haragi zigorkatuari eta zaurituari buruz, gorputz martirizatuei buruz… eta, ahal badugu, euts diezaiogun begiradari; eta, azkenean ezin badugu, jar ditzagun gure eskuak oraindik gurutze-bidean dagoen ohol horri eutsiz –gure bekatuen ondorioz egon ere–,Zirenekoaren jarrera geure eginez: babesa, aterpea eta hurbil dagoen bihotz bat bilatzen duten gizakiei laguntzeko inplikatzen den eta horrexegatik bizitza zailtzen zaion horren jarrera.

Scroll to Top