
9. Jesus hirugarrenez erori
“Eutsi senide arteko maitasunari. Izan arduratsu etxera datozkizuenak ondo hartzen, horrela jokatuz, jakin gabe etxean aingeruak hartu zituztenak ere badira eta. Goazen, bada, gu ere Jesusengana, kanpalekutik kanpora, haren desohorea bera eramanez.” (Heb 13,1-2.13)
Egonaldia: Jesus hirugarrenez erori: transkripzioa
Neke handiz, Jesus gurutzerantz doa. Beste erorketa bat; badirudi ikusleek ikusi nahi dutena atzeratzen ari dela: hiritik kanpo iristea, harresietatik kanpo, han hiltzeko, kontzientziak lasai utzita. Muga horiek zeharkatzea, “Jerusalemgo harresietatik kanpo” hiltzen diren pertsonak ikusezin bihurtzen dituztenak, ezereza balira bezala, itsasoak irentsi izan balitu bezala, edota basamortuko hareak lurperatu. Zenbatzen ez duten zenbakiak dira, gure ikus-eremutik kanpo geratzen direlako, herritar errespetagarri direnen izatearen eremutik kanpo. Eta, hala ere, ikusezin bihurtze horren aurka, abegi onaren agindua altxatzen da. Ahula dena, ahultasun-egoeran dagoena, teilatupe berean hartzen duen abegia, eta indartsu egiten duena. Baina beharrezkoa da abegi horrek pertsona gisa, gizarte gisa eta nazio gisa ahul egingo ote gaituen pentsatzeak sortzen dituen beldurrak gainditzea. Aitzitik, haien bidez jasotzen ditugu aingeruak, Jainkoak bidaliak. Hala jasotzen da Hebrearrei 13,1-2.13-14 gutunean, Abrahami, fedean gure aita denari, erreferentzia eginez:
Eutsi senide arteko maitasunari. Izan arduratsu etxera datozkizuenak ondo hartzen, horrela jokatuz, jakin gabe etxean aingeruak hartu zituztenak ere badira eta. […] Goazen, bada, gu ere Jesusengana, kanpalekutik kanpora, haren desohorea bera eramanez, mundu honetan ez baitaukagu hiri iraunkorrik, baizik eta geroko hiriaren bila gabiltza.
Bilatzera irteten den abegia, periferietara. Ez da nahikoa atea jo dezaten itxarotea. Abraham ere bere dendaren aurretik igarotzen zirenen bila atera zen. Abegia, aintzat hartuta denok integratuz soilik izango dugula etorkizuna. Etorkizuneko hiriak, Jesusek aipatutako herriak adierazten du kanpora irten behar dugula, eta hesiak apurtu, Jerusalem berri bat eraikitzeko, inor kanpoan utzi gabe, behin mugak apurtuta jada ez baitago ez barrurik ez kanporik, etxe berean bizi garen seme-alabak baizik. Frantzisko aita santuak mezu hori azpimarratu zuen 2018ko Migratzailearen eta Errefuxiatuaren Munduko Egunean: “Berriro ere azpimarratu nahi dut beharrezkoa dela elkartzearen kultura ahalbidetzea, kultura-trukerako aukerak areagotuz, integrazio-praktika onak erakutsiz eta hedatuz, eta tokiko komunitateak integrazio-prozesuetarako prestatzeko programak garatuz”.

