
11. Jesus gurutzean iltzatu
Baina Rutek Noemiri erantzun zion: “Ez eskatu horrelakorik. Utzi zurekin joaten. Zeren zu nora joan, hara joango bainaiz ni ere; zu non jarri bizitzen, hantxe jarriko naiz ni ere; zure herria zein, huraxe izango da nirea ere; zure Jainkoa zein, huraxe nirea ere; zu non hil, hantxe hilko naiz ni ere, eta hantxe ehortziko naute (…)”. Eta Belenerantz abiatu ziren. (Rut 1,16-19)
Egonaldia: Jesus gurutzean iltzatu: transkripzioa
Ruten liburuak bi emakumeren historia aurkezten digu. Amaginarreba eta erraina dira, familiako tragedia batean bat egin dutenak. Bereziki Ruten lekukotasuna ematen digu: emakume atzerritarra izanik, etorkizun posible bati uko egin eta amaginarrebari lagun egitea erabakitzen du, emakume eta atzerritar izateagatik gizarte-egoera ahulean egon arren. Alargun baten zoriarekin lotzea, seme-alabarik, ondorengorik eta etorkizunik gabea dela jakinik… garaituen eta porrot egindakoen alde jartzea da. Hala ere, Betleemera itzultzean, atzerritar honek elkartasun-irakaspen bat emango dio Israelgo herriari: dena arriskatuko du, sega-lanetan aritzeko, gizonen artean, eta bere amaginarreba Noemiri laguntzeko. Adore eta ausardia horrek Israelen kontzientzia eta elkartasuna piztuko ditu. Eta elkartasun horretatik, aldi berri bat zabalduko da Israelen historian, harengandik jaioko baita Daviden leinua, gizadi osoa salbatuko duen Mesiasen familia. Honela kontatzen da Ruten liburuko 1,16-19n:
Rutek erantzun zion Noemiri: “Ez eskatu horrelakorik. Utzi zurekin joaten. Zeren zu nora joan, hara joango bainaiz ni ere; zu non jarri bizitzen, hantxe jarriko naiz ni ere; zure herria zein, huraxe izango da nirea ere; zure Jainkoa zein, huraxe nirea ere; zu non hil, hantxe hilko naiz ni ere, eta hantxe ehortziko naute. Rutek erabakia hartuta zeukala ikusirik, amore eman zuen Noemik. Eta Betleemerantz abiatu ziren. Iristean, herri osoa asaldatu zen.
Gurutzearen oinean ere, emakume batzuek irainak pairatzeko arriskua hartu zuten. Eta emakumeek are gehiago sufritzen dute migrazioetan: migratzaile izateagatik, eta emakume izateagatik. Zenbat abusu, zenbat umiliazio, zenbat bidegabekeria pairatu behar duten familia aurrera ateratzeko! Zenbat gurutziltzaketa, zenbat sufrimendu neurrigabe eta errugabe! Jesusen mesianismoa gurutze horretatik igarotzen da, ez beharrezkoa delako, Jainkoak gurutze hori besarkatu zuelako baizik, bere presentziarekin betez. Presentzia horretan, emakumeek are indar handiagoa hartzen dute, irudika edo adieraz daitekeena baino handiagoa… Eskuak eta oinak zulatuta, saihetsak zeharkatuta, gorputzak urratuta, espirituak laidoztatuta… Eta, hala ere, errukia ernatzen da, bizitzaren aldeko borroka, oraindik ere posible den adiskidetzeari ateak zabalduz. Oraindik, oraindik… justiziaren alde lan egiten badugu, bakea lortzeko. Emakumeen historia horiek Jainkoaren errukia jartzen dute agerian, muturreraino iristen den errukia, eta lagungarri zaizkigu ulertzeko zentzugabekeriaren aurrean mugarik gabe dena ematen duen Jainkoaren errai zarrastatuak askatzen eta salbatzen duen maitasunaren adierazle direla.

