13. Beneficio común

13. Jesus gurutzetik jaitsi

Jauna agertu zitzaion Abrahami Mambreren artadian. Abraham oihal-etxolaren sarreran eserita zegoen, berorik handieneko orduan. Begiak jasorik, hiru gizonezko ikusi zituen bere aurrean zutik. Ikusi orduko, lasterka joan zitzaien (…) eta esan zien: Ene Jauna, begiko banauzu, ez alde egin, arren. (Gn 18,1-3) 

Egonaldia: Jesus gurutzetik jaitsi: transkripzioa

“Hitza beretarrengana etorri zen baina beretarrek ez zuten jaso”. Gurutzetik jaitsitako Jesus Jainko Aitari itzultzen diogun hondakina da. Mariaren besoetan dago Jainkoak bidali digunarekin egin duguna egin ostean geratu dena. Jainkoak gizadiaren alde emandako hitzaren eta haren fideltasun-sakramentu suntsiezinaren aurrean erakutsi dugun itxikeriaren ondorioa da hori. Horren aurrean zer? Harrera, abegia, besteenganako irekitasunez jokatzea, horrek ekartzen baititu bedeinkapena, Abrahamen kasu paradigmatikoan bezala, Hasiera 18,1-8n:

Behin batean, Jauna agertu zitzaion Abrahami Mambreren artadian. Abraham oihal-etxolaren sarreran eserita zegoen, berorik handieneko orduan. Begiak jasorik, hiru gizonezko ikusi zituen bere aurrean zutik. Ikusi orduko, lasterka joan zitzaien oihal-etxolaren sarreratik. Ahuspez jarri eta esan zien: “Ene Jauna, begiko banauzu, ez alde egin, arren. Berehala ekarriko dizuet ura, oinak garbitzeko. Hartzazue atseden bitartean, zuhaitzaren itzalpean. Jateko zerbait ekarriko dizuet indarberri zaitezten. Gero, bideari jarraituko diozue. Zerbaitengatik igaro zarete zeuen zerbitzari honen ondotik.” 

“Ongi da –erantzun zioten–; egizu esan bezala.”

Abraham korrika sartu zen oihal-etxolara, Sararengana, eta esan zion: “Bizkor, egizu orea irinik onenaz hirurentzat eta presta itzazu opil batzuk.” Abraham bera bizi-bizi joan zen ukuilura, eta, zekor guri eta gizen bat aukeraturik, morroi bati eman zion; honek berehala atondu zuen. Hartu zituen gatzatua, esnea eta atonduriko okela, eta bisitariei eraman zizkien. Haiek jaten zuten bitartean, zutik egon zen bera ondoan, zuhaizpean.

Atzerritarra aberastasuna da, aukera ematen baitigu ikasteko emanez jasotzen dugula; norberarena hilez, geurea pizten dugula; eta geure niaren kateak eta hesiak apurtuta, komunitate bat esnatzen dugula, gizatasunean izatea eta haztea ahalbidetzen diguna. Jainkoak etortzen jarraitzen du, gure atea jotzen jarraitzen du … Irekitzean lanesku merkea baino ez badugu ikusten, bizitza baztertzen jarraitzen dugu, berriro ere gizatiartzen gaituen hitza baztertzen dugu. Migratzailea geure bizitzatik kanpo utzita, harago iristen laguntzen digun aukera galtzen dugu, Bestea –letra larriz– ikusten uzten digunarengana irekitzeko aukera alegia.

Mariak bere besoetan jasotzen du Jesusen gorpua, bidaliaren gorpua; bizitza osoan egin dio lagun, ama den aldetik beti zaintzen baitu semea, beti zaintzen ditu seme-alabak. Orain berak jasotzen duena gorputz ikaragarri handi bat da, ezin konta ahala bizitzen multzo bat, Jainkoak Elizaren maitasun amatarraren esku ere uzten dituen bizitzen multzoa. Maitasun horren pasiotik sortuko da sorkuntza berria.

Scroll to Top